GIPUZKOATIK

Herriak ere oso argi dauka octubre 8, 2007

Filed under: Berriak - Noticias,Gipuzkoa — Gipuzkoatik @ 7:51 am

Bergararrek argi zeukaten. Hala zioen aurtengo Kilometroetarako aukeratutako leloak. Eta atzo Debagoieneko herrira gerturatu ziren milaka euskal herritarrek oker ez zeudela frogatu zuten. Urtero bezala, eta eguzkia lagun, Gipuzkoako ikastolen jai eguna festa handia izan zen.

Goizeko 9.00etarako kalean ziren jada bergarakuak. Alboan, Ukan euskararen birusa ere bazuten. Bisitari gehienak oraindik heldu gabe, herritarrak izan ziren jai egunari ongietorria eman ziotenak, lagunartean, ekitaldi xume batekin. Aranzadi ikastolako jolastokian hasi zuten festa: Edu Muruamendiarazek dantzatutako aurreskuari ahotsa jarri zion Uxue Rodriguezek. Herriko, ikastolen elkarteko eta erakundetako ordezkarien hitzen ondoren, Aranzadiko beste ikasle batek, Uxue Agirrek, ikastola sortu zuten garaikoak gogora ekarri zituen ipuin batekin, irrintzi eta txalaparta doinu eta dantzarien erakustaldiaren laguntzarekin.

Azkenean, ikastolaren proiektua benetan gauzatzea lortu dutenak herritarrak direla eta Aranzadiko guraso eta familiak omendu zituen atzoko Kilometroak, “hasierakoak, oraingoak eta gerokoak, Unai Azkarate koordinatzaileak esan zuen bezala. Eta horien guztien izenean, Ugarte Umerez sendiko hiru belaunaldi izan ziren zirkuitoko zinta mozteko arduradunak eta, beraz, aurtengo jai egunari ofizialki hasiera eman ziotenak.

6,5 kilometroko luzera zuen herrian zehar prestatutako ibilbidean jendea zebilen jada 10.00etarako. Gurasoak umeekin, helduak eta gazte batzuk ere bai. Izan ere, Kilometroetako lehen orduetan zirkuitoa izan zen protagonista, bisitariak guneetara heldu ziren arte. Zirkuitoa laua zen orokorrean eta zati gehiena asfaltatutako bidetik zihoan, Bergarako auzoak zeharkatzen eta euskaltzaleak herriguneko eraikuntza eta txoko esanguratsuenetara bideratzen.

Minutuek aurrera egin eta zirkuitoa betetzen hasi zen, baita guneak ere, eguerdirako hainbat ekitaldi martxan baitziren. Puzgarri eta umeentzat prestatutako tailerretan lehenengo ilarak ageri ziren, bokata eta edarientzako tiketak saltzen zituzten postuetan bezeroak pilatzen hasi ziren eta taula gaineko dantza eta musika ikuskizunak txalotzen ere ehunka pertsona zeuden jada. Gazte talde batzuk lurrean eseri ziren, ogitartekoa eskuan eta sagardo botila erdian, besteak dantzan hasi ziren, taula gainetik zetozen arin-arin eta fandango doinuekin, eta ibilbidea egin ondoren gose zeuden beste askok, kolak sortu baino lehen, taloa jateko aukera ez zuten galdu. Hamaiketakoa jaten hasi zirenerako, hodeiak joan eta eguzkiak berotzen zuen.

Guztia antolatzaileek aurreikusi bezala zihoan, besteak beste, goizean goizetik lanean ari ziren ia 2.000 bergararrei esker. “Beharra zegoen lekura bidali gaituzte“, kontatu zuen, barrez, Mari Carmen Gutierrez Aranzadiko irakasleak. Beste lauzpabost lagunekin, plastikozko poltsa esku batean eta erratza eta pintzak bestean, ikastolan kokatutako gunean zakarrak jasotzea egokitu zi-tzaion. “Orain nahiko lasai ari gara, arratsalde partean akumulatuko zaigu lana“, azaldu zuen. 8.00etarako kalean ziren lanerako prest; zein ordurako bukatuko zuten, ezin jakin. Hala ere, pozik zeuden, “tarteka” aprobetxatzen baitzuten kontzertu edo emanaldiren bat ikusi eta lagunak agur-tzeko. “Hau auzolana da, ikastola bezala“, gaineratu zuen Gutierrezek.

Hura bezala, Miriam Guridi eta Ana Arrizabalaga gurasoek ere “antolakuntza” zioen pegatina zeramaten kamisetan. “Festa? Bai, baina beste modu batean bizitzen ari gara gu aurten”, aitortu zuen Guridik. Barra atzean egotea tokatu zitzaien, edariak zerbitzatu eta baso berrerabilgarriak banatzen. Izan ere, aurten lehenengo aldiz, Ikastolen Federazioak sortutako plastikozko 150.000 edalontzi banatu zituzten, eta horrek garbitze lanak ere erraztu zituen.

Beste hainbat boluntariok, ordea, jai giroa urrutiagotik bizi behar izan zuten: bai aparkalekuetan, eta baita herriko sarreretan ere, trafikoa antolatzeko lanetan ari ziren. Antolatzaileek ia aparkaleku guztiak bete zirela nabarmendu zuten, baina auto ilara luzerik ere ez zela sortu, ez goizean eta ez arratsaldean. Autobusak ere normaltasunez ibili ziren. “Dena aurreikusitako moduan atera da eta hori da seinalerik onena“, aitortu zuten antolatzaileek.

Bazkalaurrerako, jada, lepo zeuden gune gehienak, Labegaraieta kiroldegian kokatutakoa eta Artabila, batez ere. Orduan hasi ziren kontzertu eta ekitaldi nagusiak. Anje Duhalde, Pantxoa eta Peio, Txan Magoa eta Betizuek, bereziki, ikusmina sortu eta gazte eta ume gehien bildu zituzten ordu horretan.

Ordurako, Aranzadi ikastola hartzen duen Erret Seminarioan bertan herri bazkaria prest zuten beste hainbat lagunentzat. Beste batzuek, ordea, ibilbidean zehar prestatutako oilaskoa edo bokatak nahiago izan zituzten, aukeran. Eta bazkalostea heldu eta familia asko etxerako bidean zeudenean, gazteek hartu zuten festarekin jarrai-tzeko ardura. Esne Beltza, Kauta, Emon eta EH Sukarra taldekoek jarri zuten musika taula gainean eta Kilometroetara gerturatutakoek saltoka erantzun zuten.

Aranzadi ikastola Bergarako herriak sortu zuen, eta gerora begira bere 700 ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzen jarraitzeko laguntza eske herriari dei egin zion atzo. Bergararrrek ez zuten hutsik egin -urtebete zeramaten lanean guztia prest izateko-, eta zazpi lurraldeetatik gerturatutakoek, ere ez. “Oso-oso pozik gaude”. Beste hitzik ez zuten Aranzadiko antolatzaileek.

Anuncios
 

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s